ABENDATOKIREN ITXIERA SAIOA
Hiru hilabetetan lan egin ostean, Abendatokiren lehenengo atalaren itxiera gertatu zen abenduaren 22an. Eraldaketaren atal bat jadanik dago eginda. JABETU eta ASMATU faseetan landutakoaren ondoriak atera ziren: alde batetik lasai egoteko eremuak nahi zuten ikasleek eta, bestetik, eta epe luzeari begira, perimetro esperimental bat sortzeko ideia atera zen. Leku honetan zertan jolastu klase bakoitzak erabakiko du hilabetero, jolas berritzaileak suspertzeko bide bezala.
Ideia honen jatorria Naiara Palciosek egindako ariketa batean dago. Artistak normalean egiten ez diren hainbat jolas proposatu zituen eta oso era positiboan baloratu zen ekintza. Karratu esperimentalaren formatoarekin gainera, klaseek espazioa era kolektiboan kudeatzen ikasiko dute: jolasen inguruan ikerketak egin beharko dituzte, gainontzeko kideei azaldu eta adosten eta elkarpuntuak bilatzen ikasiko dute.
Premisa hauekin eta mapa emozionala eta egindako inkestak eman zuten informazioarekin batera espazioak zeintzuk izango ziren adostu zen: boleibol zelaia (futbol zelaiaren ondoan dagoena eta oso erabilera eskasa duena, ikasleek gutxien baloratu izan zuten gunea) eta zuhaitzen inguruko gunea (hau guztiz ikusezina delako umeentzat).
Boleibol zelaian etxetxo batzuk eraikitzea erabaki zen, izan ere, babestuta dagoen leku bat asko eskatu zen inkestetan eta, modu honetan lasai biltzeko aukera izango dute umeek. Hainbat egunetan zehar guraso bolondresak etxeak auzolanean eraiki zituzten euria eta hotzari aurre eginez.
Karratu esperimentala ordea, ezin izan da oraindik margotu, izan ere, lurra guztiz lehor egon behar eta momentuz hau ez da gertatu. Karratuaren diseinua talde motorean landu da eta udaberria heltzen denean egingo da. Hala eta guztiz ere, honi lekua eskaini nahi izan genion itxieraren egunean eta sinbolikoki margotu zuten ikasleek klarionekin. Gainera, hiru dimentsioko izaera emateko gomak kokatu zituzten zuhaitzetatik hesietara.
Hemendik aurrera Abendatoki bizirik mantenduko da burutuko dituzten hainbat ekimenen bidez.