DOMINO AULKIAK ETA MAHAI-JOKOAK
Oraingoan TEOarkitekturaren tailerra izan dugu Elkartoki-n. Auzolanaren lehen tailerren barruan, frontoiko balkoian kokatzeko jolas eta atseden elementuak egin ditugu: domino aulkiak eta mahai-jolasak. Balkoi hau erabilpenik gabeko espazioa izanik, berreskurapenaren ideiari jarraiki, biltegian baztertuta zeuden aulki eta mahaiei bizitza berria eman diegu.
Domino aulkiak egitean, talde-jolasa eta altzari funtzio bikoitza izatea bilatu da. Horretarako, dominoaren ideiari tiraka, 40x40ko zurezko panelak margotu eta 3 dimentsiotako dominoaren piezak osatu ditugu. Ondoren, zurezko panelak aulki zaharretan iltzatu ditugu, herramintak erabiliaz. Aulkiekin jolasean forma, kolore eta kokapen ezberdinak dituzten bankadak sor daitezkeela ikusi eta haiekin jolastu dugu.
Mahai jolasen kasuan, baztertutako eskola mahaiak berrerabili ditugu eta xakea, partxisa, antzarraren jolasa eta zirkuituetan jolasteko mahaiak sortu ditugu. Zirkuitu mahaien irudiak taldeka asmatu eta marraztu ditugu, haien artean konbinazio ezberdinak sortzeko aukera emanez.